Estibaliz Curiel
Zumaia, 1986. Nafarroako Antzerki Eskolan burutu zituen antzerki ikasketak eta ondoren Madrilen Mar Navarro eta Andrés Hernández-en eskolan osatu zituen, Lecoq teknikan murgilduz. Ikasketak hainbat profesionalekin lanean osatzen jarraitu du, komedia, maskarak eta ikusentzunezkoen arloan batik bat.
Hainbat antzerki talderekin egin du lan; Yarleku, Aran Aran, Carlos III de Madrid unibertsitateko antzerki taldea, Begiradak, Soka! zirko antzerki instrumentala, Proyecto 43-2. Matias Umpierrez-en TeatroSolo Donostia-ren parte izan zen 2015ean. Trapuzaharra kale antzerki taldean 3 denboraldi eta bi ikuskizunetan aritu izan da.
Ikusentzunezkoan hainbat laburmetraietan egin du lan, oraintxe jaialdi desberdinetan ikusgai “Komando Marmitako” Uxue Botas eta Ane Nafarraterena eta “Babesa” Ander Iruretagoienarena. Ikusentzunezkoetan baita ere, “Arriya” (Alberto Gorritiberea), “Igelak” (Patxo Telleria), “Handia” (Jon Garaño eta Aitor Arregi) eta “Agur Etxebeste” (Telmo Esnal eta Asier Altuna) luzemetraietan aktore lan txikiak egin ditu.
Azken urteetan sormenean dabil eta bakarka zein taldean sortutako antzezlanekin dabil biran. Besteak beste bakarkako “35 Huts” antzezlana Miren Gojenolak zuzendua eta Aitziber Garmendiarekin batera idatzia. Maria Zubimendi musikariarekin batera “Bote prontoan” familia guztiarentzako ikuskizuna. Eta Loli&Flori konpainian, Sandra Aguerri eta musika bandekin egiten duen “Chez emballage”, material birziklatuekin osaturiko objetu eta titere antzerkia.