Estibaliz Urresola
Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna da (EHU). Muntai edizioa eta teoria ikasi zituen EICTV eskolan, eta ESCACeko Zinema zuzendaritza masterra eta Film business, masterra egin ditu. 2011az geroztik, Adri eta Polvo Somos film laburrak baita Zinemaldian estreinatu zen Voces de papel dokumentala zuzendu ditu. Bere azken film laburra, Cuerdas, Canneseko Semaine de la Critique astean estreinatu zen eta nazioarteko zenbait sari irabazi ditu, besteak beste, film labur onenaren Forqué saria. 2023an, 20.000 erle espezie, bere lehen film luzea estreinatu da Berlinaleko sail ofizialean eta Sofia Oterok antzezpen onenaren Zilarrezko Hartza irabazi du, jaialdiko historia luzean zehar sari hau jasotzen duen akotorerik gazteenean bilakatuz.
“GELA BAT NORBERARENA, Virginia Woolfen lan ezagunaren izenburuaz gain, GARIZA FILMS ekoiztetxeak deitzen duen egoitza artistikoaren izena ere bada, aurten nik lortu dudana zorionez. Izan ere, sorkuntzaren munduan aritzea, ia-ia definizioz, hainbat oztoporen kontra aritzea baita. Horien artean bi dira nabarmenenak, sorkuntza librearen etsai nagusi: independentzia ekonomikorik eza, batetik, bizirauteko aukera emango diguten lan desberdinak izatera bultzatzen gaituena, lan ezegonkorrak gehienetan; horrek, aldi berean, beste faktorea bultzatzen du, denbora falta hain zuzen. Z
er esan gainera emakumeen kasu bereziaz, zeinak sorkuntzaren munduan -beste asko eta askotan bezala-, abiapuntutik bertatik aukeretara berdintasunean iristeko bermeak murriztuta izanda, korrika gehiago egin behar dugun helmuga berberera iristeko, lan gehiago egin behar dugun antzeko dirua jasotzeko, esfortzu gehiago egin behar dugun gauza bera erakustera emateko. Lasterketa neketsu bat, galtzeko diseinatua dagoena. Erruz dakigu hori gaur, eta hala zekien baita Virginia Woolfek 1929an, duela 90 urte “bakarrik”. Hori dela eta suertatzen da hain egokia egoitza honen izena, helburu zehatzak dituena: espazioa, denbora eta dirua eskaintzea emakume sortzaile batek, 6 hilabetetan, bere proiektu propioa landu dezan.
Edizio honetan nik izan dut sortzaile hori izatearen zortea. Nire ideia landatu eta dedikazio osoz berau landu ahal izateko tokia izatearen zortea daukat, prozesu osoan zehar lagun hartuta.
Hala, eguna urratzen deneko haize gozoaren sentsazioarekin, gertu nago arrantza-sasoiari hasiera emateko, Woolfek bere lanaren lehen orrialdeetan hain eder dioen bezala, “pentsamenduaren kanabera ibaiaren isla eta belarretan hondoratzeko”, lehen hozkadak nire kanaberaren puntari desafio egin arte. Neure amu propioa bilatu beharko dut, neure sare propioak ehundu… Baina ez naiz bakarrik egongo.
Ibilbide honen amaieran kanaberari tira egin ahal izango diot, azaleratuko den kreaturaren izatea zein den jakiteko. Eta, orduan, Lara Izagirre eta Virginia Woolf (edo Mary Beton) eskertu beharko ditut, biak iritsi baitziren ondorio prosaiko berberera; hau da, idatzi ahal izateko, 500 libra behar direla urtean, eta norberarentzako gela bat, atean sarraila izango duena.
Edo, gutxienez, ondo idatzi ahal izateko, konpromisoz eta arduraz.”